Hizkuntzak baldintzatzen du mundua ulertzeko eta barneratzeko dugun modua. Hizkuntzak errealitatea alda dezake, baina guk ere alda dezakegu hizkuntza, definitzen gaituzten hitzei eta kontzeptuei forma emanez.
Gure PKSrentzako Hitz Garrantzitsuen Glosario labur bat aurkezten dizuegu. Hitz biziak dira, inspirazio-iturri geuretzat, alegia, mugarriak, egunerokotasunean praktikan jartzen ditugunak edo nolabaiteko arrastoa utzi digutenak.
Glosario
Kooperatibismoa
1. m. Kooperatibismoa munduan barrena zabaldua dagoen mugimendu sozioekonomiko zabala eta anitza da. Kooperatibak sortzea sustatzen du, hau da, jabetza kolektiboa eta kudeaketa demokratikoa duten enpresak martxan jartzea, elkarrekin pertsonen beharrak asetzeko. Irabazi ekonomikoaz haratago dauden interesek bultzatuta, kooperatibak saiatzen dira pertsona bazkideen asmo sozial eta kulturalei erantzuna ematen eta elkarrekin jarduten dute jendartea eraldatzeko.
Polo kooperatiboa eta ekonomia solidarioa
1. m. Erakunde multzo bat da, batik bat, kooperatibez osatua, eta lurralde batean antolatzen da espazio fisiko batean. Elkar lankidetzarako dinamikak martxan jartzen ditu, enpresa- eta gizarte-bideragarritasuna indartzeko eta baita egitasmo kolektibo berriei lekua egiteko ere. Polo kooperatiboak biltzen dituen erakundeentzako indargune eta hazkuntzarako gune bilakatzen da eta baita ekimen ekonomikoen eragile-katalizatzaile eta ekimen kolektibo berriak erakartzen dituen espazioa ere.
Elkar lankidetza
1. f. Ekonomia solidarioko kooperatibek eta beste erakunde batzuk martxan jartzen dituzten kooperazio-ekintzak, indarrean dagoen sisteman bizirauteko, hazteko eta sistema bera eraldatzeko. Badira elkar lankidetzarako harremanak helburu nagusitzat ekonomia dutenak (elkar lankidetzan ari diren erakundeek merkatuan duten posizioa hobetzeko), helburu soziala dutenak (elkarri laguntzea, solidaritatea balio kooperatiboa praktikan jartzeko) edo helburu politikoa dutenak (erakundeen interes kolektiboa defendatu eta ekonomi solidarioaren eragin soziala handitzea).
Elkarri babesa eman
1. m. Elkarren onurarako pertsonek edo taldeek elkarri laguntzea eta elkarrekin lan egitea adierazten duen balioa. Ematen duena ez da jasotzen duenaren gainetik jartzen; solidaritatea du oinarri. Azpimarragarri da botere partekatuak, pertsonen parte hartze zuzenak eta hierarkien eta konpetentzien aurka agertzeak duen garrantzia.
Ekonomia solidarioa
1. f. Irabazien gainetik kideen edota beste pertsona batzuen beharrak eta nahiak asetzea lehentasunezkotzat jotzen duten praktika sozioekonomiko multzo formal edo informala, kolektibo nahiz banakakoa. Kolektiboak direnean, jabetza ere kolektiboa izan ohia da, eta kudeaketa, demokratikoa. Burujabeak dira edozein erakunde publiko nahiz pribaturekiko. Honako balio hauek jarraitzen dituzte jarduteko garaian: berdintasuna, solidaritatea, senidetasuna, sororitatea, jasangarritasuna, partaidetza, inklusioa eta komunitatearekiko konpromisoa. Eredu sozioekonomiko post kapitalista orekatuagoa eta parekatuagoa bultzatzen dute.
Erabilera-lagapena duen etxebizitza kooperatiboa
1. f. Etxebizitza eskuratzeko eta edukitzeko eredu alternatiboa da. Horren arabera, kooperatibak du etxearen jabetza kolektiboa; pertsona erabiltzaileak kooperatibako bazkideak dira, eta erabiltzeko eskubidea ordaintzen dute. Jabetza eta alokairuaren erdibideko eredua da, bidezkoagoa eta eskuragarriagoa, espekulazioa saihesten eta etxebizitza eskuratzeko sistema eraldatzen baititu.