Polo Kooperatiboen Sarea eraikitzen ari den esperientzia bizia da.
Ekimen hau martxan jarri ahal izan da Katalunia, Madril, Aragoi eta Euskadin kokatutako lau lankidetza-talderen ahalegin eta ilusioari esker.
Indarrak batzea erabaki dugu, bai baitakigu etorkizunak kooperatiboa izan behar duela.
Aurkezten dizuegun Sare honek geure begirada guztiak biltzen ditu, geure lurraldeetako berezitasunak zein geure ibilbideen osagarritasunak.
Hobeto ezagutu nahi gaituzu?
Ekonomia Sozial Solidarioko (ESS) 17 kooperatiba eta 123 erakunde baino gehiagok osatzen dute; bigarren mailako kooperatiba honek bazkideen arteko elkar lankidetza sustatzen du duela 12 urtetatik. Bartzelona erdigunean (Casp kalea 13) egoitza partekatzeaz gain, ehunka lanpostu egonkor sortzen ditu eta 3000 kontsumo-bazkide baino gehiago bildu. Taldearen egitekoa da indarrean dagoen sistema sozioekonomikoaren alternatibak indartzea, eta ekonomia sozial eta solidarioaren balioak praktikan jartzea, besteak beste, elkarri babesa ematea, inbertsio kolektiboa eta ikaskuntza eta egitasmo partekatuak.
Talde moldaerraza eta bateratua gara; hainbat esparrutan adituak garen 13 kooperatibek osatzen dugu, eta helburu bera dugu: elkar lankidetzaren bidez eta eraldaketa ekosozialaren aldeko apustua eginez, positiboki eragitea.
Hori lortzeko, 2013tik elkarlanean gabiltza egiturazko arazoei irtenbideak eskaintzeko, aldaketa soziala aktibatzen duten egitasmoak diseinatuz eta sustatuz.
Talde kooperatibo hau elkar lankidetzaren eredu da 1993tik. Egun, lan kolektiboaren hainbat esperientzia biltzen ditu honako esparru hauetan: ehungintzaren ekonomia zirkularra, enpresa-sustapena landa ingurunean edo etxebizitza kolaboratiboa. Nabata aholkularitza-zerbitzuaren bidez (ekonomia sozial eta solidarioaren gaiak jorratzen dituena), Aragoiko kooperazio-espazioan liderra da.
Bidasoa eskualdean 2019an sortua, ekonomia sozial eta solidarioa ardatz duen tokiko garapena sustatzea xede duen elkartea gara. Taldea osatzen dugun bost kooperatiba eta lau elkarteek 26 pertsonei lanpostua eskaintzen diegu, eta 230 bazkide biltzen ditugu. Gure egituraren indargunea elkar lankidetza da.